XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta horrela izan zen.

Izan ere, egiaztatu ahal izan bait genuen, irteera hauen bitartez, hobetu zitekeela haurraren garapen osoa, era global eta kontestualizatu batean.

Inguruneak berak, era naturalean, ahalbidetzen zizkien esperientzien bitartez, haurrak zentzumenen eta psikomotrizitatearen garapen izugarri aberatsa izateaz gain, mintzaira eta komunikazioa garatzen zuen, errealitatean eta haurrarengan sendo sustraituriko gauzetan oinarritzen bait zen.

Halaber, harreman sozialak, talde zentzua eta beste pertsonekiko komunikazioa eta besteen gauzekiko errespetua lantzen ziren.

Ohitura batzuk hartzeko aukera ere ematen zuten: portaera ohiturak, arriskuaren zentzua, kotxeen aurrean erretiratzea...

Hunkipenezko hainbat espresiok ere bidea zabalik zuten, hala nola: poza, betetasuna, ausardia, segurtasun eza, beldurra, arrenkura espresioak.

Kalean aurki daitekeen hainbat gauza aurkitu eta esperimentatzeko trebetasunaren garapen kognitiboa ahalbidetzen zuten: animalia mota guztiak, loreak, fruituak, naturaren legeen egoera ezberdinak...

Espazio eta denbora nozioak bizi, kontzeptuen eta sailkapenen munduan sartu, eta hainbat gauzatarako aukera ematen zuten.

Hirugarren urtean, dagoeneko, beste aurrera pausu bat ematea erabaki genuen.

Adin honetako haurrak ingurunearen aberastasuna sendo bizi izan duenez, pentsatu genuen komeni zela ezagunak ez ziren gauzak ezagutzea, esaterako, antolamendu sozialaren esparruan sartzea, nekazal mundutik hirira pasatzea alegia.

Horrela bada, herria orokorrean ezagutzen hasi ginen, beste auzo batzutara irteerak planteatuz, eta baita gure abiatze puntuaren arauera kokapenaz jabetzen ere.

Ume bakoitza bizi zen lekua ezagutu eta hurrengo ikasturtean beren eskola izango zen ikastetxea bisitatzeaz gain, hainbat gauza gehiago egin genitzakeen: jakiak saltzen zizkiguten dendatara joan (harategira, arraindegira, fruitategira. . .), garraiobide kolektiboetan ibili (autobusean, trenean...), aireportua eta portua bisitatu, auzokoak ez bezelako beste animalia batzuk ezagutu (akuarium-ekoak, parkekoak...).

Guzti hau ikusirik, gure eguneroko irteerak, ikasgelan egindako iharduerarik onenak baino balore didaktiko handiagoa zutela eta, derrigorrez sartu behar genituela gure proiektu hezitzailean pentsatu genuen, Kurrikulum forma eman behar geniela alegia.

Horrela, haur txikien beharrei erantzunez, aurrera eraman zitekeen mailaz mailako lan-plan bat prestatu zen, hau da, plan bat talde eta ikasturte bakoitzeko.